XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

19. KAPITULUA ELKARTEAREN INDUSTRI POLITIKA.

1. ZERTAZ ARI DEN.

Batzuen ustez, enpresa eta merkatuentzako ingurune egokia sortzen duten ekintza orokorrek (ondasun eta zerbitzuen eta kapital eta langileen ibiltze askearen eragozpideak deuseztatu eta lehiaketaren jokua ziurtatu nahi dituzten ekintzek, bereziki), eta industriari zuzenean eragin nahi dioten ekintza berariazko eta positiboek (adib. sektore baten birmoldaketa errazteko ematen diren laguntzek) osatzen dute industri politika.

Beste batzuen ustez, ordea, industri politika hitza zorrozkiago erabili beharko litzateke eta aipaturiko bigarren ekintz multzoari soilik deitu beharko genioke horrela.

Merkantzien, zerbitzuen, norbanakoen eta kapitalen ibiltze askea, egiazko lehiaketa eta kanpoarekiko merkatal politika amankomuna ezartzeko Elkarteak harturiko neurriez lehengo zenbait kapitulutan ihardun dugunez gero, oraingo kapitulu honetan gorago aipaturiko bigarren ekintz multzoaz ariko gara gehienbat (izaera positiboko industri politikaz, alegia).

Elkartearen izaera positiboko industri politikaren barruan zer sartzen den azaltzerakoan ez dira aztertzaile guztiak bat etortzen.

Gehienek, Elkartearen industri politikaz ihardutean, krisian dauden sektoreetan edo teknologia aurreratuko sektoreetan jarraitutako politikak besterik ez dute aipatzen.

Zenbait aztertzailek, ordea, PYMEei buruzko politika ere sartzen dute industri politikaren barruan.

Eta beste batzuek, urrutirago joanez, baita energi eta ingurugiroko politikak ere.

Gu, haatik, krisian dauden sektoreei buruzko politikaz bakarrik arituko gara kapitulu honetan.

Izan ere, teknologi politikaren garrantzia aintzat edukiz (bai izaera horizontalekoarena bai puntako sektore batzuk bultzatzeko denarena) eta, EABren onarpenaren ondorioz, EEETren titulu berezi batek politika horretaz diharduela ikusiz, teknologi politikaz beste kapitulu batean aritu nahiago izan dugu.

PYMEei dihoakienez, enpresa-mota hau ez da izaera industrialekoa bakarrik (zerbitzu-sektorean, adibidez, enplegu guztiaren %75ek PYMEetan dihardu), eta, hortaz, ez da guztiz zuzena industri politikaren barruan uztea.

Gainera, aurrerago ikusiko dugunez, 80koen hamarkadaren erdialdean Elkarteak politika amankomun berezitzat jo du PYMEei buruzko politika hau.